2012/12/04

Sagar eta idiazabal-moussearen milorria intxaur-saltsarekin




OSAGAIAK (15 lag.)

Sagar erreak
5 sagar
gurina
1 baso sagardo
1 kanela-makila
azukrea

Idiazabal-moussea
250 g gazta
750 g esne-gain
150 g azukre
5 gelatina

Intxaur-saltsa
1 l esne
150 g azukre
200 g intxaur


NOLA EGIN

Sagar erreak
  • Sagarrak zuritu, zuloa egin eta bihotza kendu. Sagarrak xerratan moztu (4 bat xerra sagar bakoitzeko), eta jarri denak erretilu sakon batean.
  • Bota xerra bakoitzari azukre pixka bat gainean, jarri zuloan gurin pixka bat, bota baso bat sagardo eta ur pixka bat erretiluan, eta jarri kanela-makila puskak sagarren artean.
  • Labea aurretik bero dugula (200º), sartu 20-25 minutuz. Egindakoan, atera eta hozten utzi.

Idiazabal-moussea
  • Ontzi batean, jarri berotzen 250 g esne-gain. Gaztari azala kendu, zati txikitan moztu eta gehitu esne-gainari, gazta sutan desegiteko. Eten gabe eragin, ez itsasteko. Azkenean, irabiagailuarekin txikitu eta hozten utzi.
  • Nahastu 500 g esne-gain eta 150 g azukre, eta harrotu, baina ez erabat.
  • Jarri gelatina ur hotz pixka batean, beratzeko. Urtzeko, xurgatu duen urarekin berotu.
  • Nahastu hurrenez hurren: gelatina eta gazta-saltsa, eta erdi harroturik utzi dugun esne-gaina. Ongi nahastu eta sartu hozkailuan. Bezperan prestatzen badugu, hobe.
             
Intxaur-saltsa
  • Intxaurrak txikitu. Txikitutakoan, 200 g intxaur behar digutu. Gutxi gorabehera, 500 g intxaur izanen dira, azalarekin pisatuz gero.
  • Epeldu esnea eltze batean. Epeldutakoan, gehitu intxaurrak txikiturik. Aukeran, txikitu birringailuarekin, baina ez intxaurrak hauts bihurtu. Aldian nahastu, eta eduki sutan ordu erdi inguru.
  • Intxaurra bigun dagoenean, gehitu azukrea eta eduki beste 5 bat minutu sutan.
  • Hozten utzi.


Dena bat
  • Prestatu erretilu batean sagar eta idiazabal-moussearen milorria: jarri hurrenez hurren sagar-xerra bat, moussea eta beste xerra bat. Prestatu milorri guztiak eta hozkailuan sartu.

PLATEREAN NOLA
  • Atera milorri bakoitza plater sakon batera. Erretilutik platerera ateratzeko, erabili espatula bat. Itsatsi gabe ateratzeko, xerra bakoitza atera baino lehen sartu espatula ur berotan.
  • Jarri milorria plater sakon baten erdian, eta bota intxaur-saltsa inguruan.


No comments:

Post a Comment