2013/03/27

Bakailaoa plantxan, borraja-saltsarekin eta tipula freskoen saltsarekin




OSAGAIAK (4 lag.)

Bakailaoa
1 kg bakailao

Borraja-saltsa
1 borraja
ekilore-olioa
ura
gatza

Tipula freskoen saltsa
4 tipula fresko
oliba-olioa
gurina
irina


NOLA EGIN

Borraja-saltsa
  • Borraja garbitu eta moztu, orri eta guzti.
  • Jarri eltze batean ura eta gatza, eta berotu irakiten hasi arte. Irakiten ari dela, gehitu borraja eta jarri tapa. Berriz irakiten hasten denetik kontatzen hasita, egosi 5 bat minutuz.
  • Atera borraja eltze altu batera eta gehitu egosteko erabili dugun ur pixka bat, borrajak duen bolumenaren erdia-edo. Irabiagailuarekin ongi-ongi txikitu eta gero gehitu ekilore-olioa pixkanaka-pixkana, kikara pare bat-edo, maionesa arin bat egin behar bagenu bezala.
  • Iragazi. Irakinaldi bat eman zerbitzatu baino lehen.

Tipula freskoen saltsa
  • Tipulak zuritu, lautan moztu eta jarri labeko erretilu batean. Gehitu oliba-olioa eta gatza, eta labean egin, 40 bat minutuz, 200º-tan.
  • Jarri gurin pixka bat kazola batean. Gurina sutan urtu, gehitu labean egindako tipulak eta nahastu.

  • Gehitu irin pixka bat, nahastu eta urez estali. Eman irakinaldi bat, irabiagailuarekin txikitu eta iragazi. Irakinaldi bat eman zerbitzatu baino lehen.

Bakailaoa
  • Bakailao zatiak plantxan egin, azala beheraka duela. Beheko aldea egiten den bitartean, zabaldu olio pixka bat gaineko aldean.
  • Azala ongi gorritutakoan, bi aukera ditugu: berehala jan behar badugu, bakailao zatiak ongi-ongi egin azalaren aldetik, buelta eman eta plantxan bukatu; geroxeago jan behar badugu, jarri bakailao zatiak labeko erretilu batean, azala goraka dutela, eta labean egin 5 bat minutuz, 180º-tan.

Platerean nola
  • Lehendabizi, jarri borraja-saltsa.
  • Jarri erdian bakailao zatia.
  • Azkenik, zabaldu tipula-saltsa bakailao zatiaren gainean.


No comments:

Post a Comment