2012/11/22

Legatza onddoekin


OSAGAIAK (4 lag.)

Legatza
800 g legatz

Arrain-salda
legatzaren hezurrak
oliba-olioa
1 baratxuri
gatza
ura

Onddoak eta onddo-saltsa
2 onddo
arrain salda
50 ml esne-gain
2 baratxuri
gurina
irina
gatza

Olioa eta baratxuria
2 baratxuri
oliba-olioa
gatza


NOLA EGIN

Arrain-salda
  • Eltze batean, baratxuria gorritu, txikiturik. Gehitu legatzaren hezurrak, sueztitu eta urez estali. Utzi egosten denbora batez.

Onddo-saltsa
  • Onddoen hankak eta txapelak bereizi; txapelak gorde geroko. Hankak txiki-txiki moztu.
  • Zartagin batean, baratxuri bat txiki-txiki egin eta olio pixka batean jarri. Baratxuria gorritzen hasi baino lehen, gehitu gurin puxka bat eta, desegindakoan, gehitu onddoen hankak txikiturik. Gatza eman eta egin.
  • Onddoak egindakoan, gehitu irin pixka bat, sueztitu eta gehitu arrain-salda, iragazirik. Egosi pixka batean eta gehitu esne-gaina.
  • Saltsa hau irabiagailuarekin txikituta edo txikitu gabe jan daiteke. Oraingoan, ez dugu txikituko.

Olioa eta baratxuria
  • Baratxuria txiki-txiki moztu eta olio berotan gorritu. Edalontzi batean prest eduki baso erdi bat olio, eta zartagineko baratxuria gorritu orduko edalontzira hustu, olio hotzera; hala, baratxuriak ez dira behar baino gehiago eginen. Gehitu perrexila eta nahastu.

Onddoak plantxan
  • Moztu onddoen txapelak 1 cm inguruko xerratan.
  • Plantxan olio pixka bat zabaldu, onddoei gatza eman eta plantxan egin. Gutxi egin, buelta eta buelta besterik ez, pixka bat gorritzeko adina. Erretilu zabal batera atera, eta gero labean sartuko ditugu minutu pare batez. Laberik erabili nahi ez badugu, plantxan egin erabat.

Legatza plantxan
  • Plantxan olio pixka bat zabaldu, legatzari  gatza eman eta plantxan egin, azala beheraka duela. Azalaren aldea ongi egindakoan, atera erretilu batera azala goraka duela (aurretik erretiluan olio pixka bat zabaldu). Labean egin, 200º-tan, 5 bat minutuz. Laberik erabili nahi ez badugu, plantxan egin erabat, edo zartagin batean egin.

Platerean nola
  • Jarri legatz zatia plateraren erdian, azala goraka duela.
  • Jarri ondoan onddoak, eta bota gainean aurretik prestatu dugun olio eta baratxuri saltsa.
  • Azkenik, gehitu onddo-saltsa legatz zatiaren gainera.



No comments:

Post a Comment